50 urte goizean goiz jalkiz
(Sestao Alpino Club elkartearen 50 urteen laburpen xumea)
Sarritan, elkarte batek 50 urte betetzean, aitzindariek edo beronetan urte luzez ibilitakoek baino ez dute izaten bere sorrera eta bilakaeraren berri. Denbora aurrera joan ahala, jaiotze horren hainbat pasadizo,gertaera eta xehetasun, tamalez, galdu egiten dira haiek bizi izan zituztenekin batera. Horregatik, Clubaren oroimenaren osagai garrantzitsu diren momentu horietariko zenbait berreskuratzeko asmoa dugu idazki honetan.
Horretarako dugun tartea nahi baino txikiagoa izan arren, zuzendaritza kideok gure elkartearen historia labur bat egingo dugu hemen, Sestao Alpino Club taldeak merezi duen historia oso eta garatu baten hazia izan daitekeelako esperoan.
1952. urtearen erdi aldera (ez zen giro garai hartan!), 23 mendizalek, sestaoarrak gehienek, San Pedro Kirol-Elkartearen baitan mendi-saila eratzea erabaki zuten. Delegación Nacional de Deportes zeritzonak azaro aren 22an lehen presidentea izendatutakoan eta Bilboko Polizia Zuzendaritza Nagusiari eskatu beharreko baimenak lortuta, abenduaren San, Pico Mayorren mendiko buzoia jarriz eta herriko mendizale bat omenduz ekitaldi hunkigarri bat burutu genuen. Denborarekin, une hartan kokatu dugu gure elkartearen sorrera.
Handik aurrera, ilusio handiz betetako urte gogorrak etorri ziren. Izan ere, elkarte sortu berriaren gabeziei (egoitza eta dirulaguntza eza,...) garaiko egoera sozio-ekonomikoak berekin zituen arazoak gehitu behar zitzaizkion eta garraio eta bide azpiegitura urriek, mapa eta mendiko material egokien faltak mendizaleen jarduera izugarri zaila egiten zuten.
Honi guztiari aurre eginez eta benetako gogotik bakarrik sortzen den kemenarekin, hasierako irteerak gure inguruko mendietara eginikoak izan ziren. Jata, Gorbeia, Aguja del Ahorcado,...bere hurbilean, garraio publikoaren loturak zirela eta,eguna urratu aurretik altxatu eta gero, egun osoa eskatzen zuten txango hauek garai hartan. Bitxikeria gisa, aktetan jasotako lehenbiziko talde-txangoa 53ko martxoaren 8an Ganekogortara eginikoa de la aipa dezakegu, edota Cerredo eta Laredora ekainaren 7an eginikoaren autobusaren ordaina 2250 pezetakoa izan zeta.
1959an San Pedro elkartea utzi eta oraingo Sestao Alpino Club izena hartu genuen. Hala ere, beste bost urte behar izan genituen egoitza egoki samar bat eskuratu ahal izateko. AHVk Sestaoren erdian eraikitako auzunean eta aipatu enpresan langile ziren bazkide batzuen gestioi esker, loja txiki bat alokairuan hartzeko modua izan genuen, baina... bertan diren eta ez diren lan eta konponketa guztiak egin eta gero. Guzti-guztia bazkideen kontura, jakina!,. Zailtasunak zailtasun, 1964an, 148 kide ginen, eta gure ekintzen esparrua penintsula osora eta Europako baste zenbait txokotara (batez ere Alpeetara) zabaltzen hasi zen. Halaber, taldearen eraketaren eta arauen finkatzea eta zerbitzuen zabalpena ere garai hartan gertatu ziren.
Sekula ere diruz gainezka ez ibili arren, beste xede handi bati ekiteko ausardia izan genuen eta, handik urte gutxitara, gure mendi aterpea egiten hasi giñen. Horretarako toki egokia, lar betetzen hasia zen Gorbeia aldea baztertu eta gero, Soba aranaren goialdean aurkitu genuen ia kasualitatez. Ostera ere, bazkide askoren ahaleginari esker, apurka-apurka, eta arazoak agertu ahala hasierako asmoak hobetuz; azkenean, urruntasuna eta hango neguen gogortasuna aintzat harturik batere erronka, makala ez zena gainditzea lortu eta 1975 urtean aterpea inauguratu genuen. Geroztik, eraikina mantendu eta hobetzeko ahalegina etengabea izan da eta 2025 urtean lursailaren alokairua hango udalarekin birnegoziatu beharko dugu, baina... gerokoak gero.
70eko hamarkadan sarturik, elkartearen hasierako zenbait kidek utzitako tokia aurpegi berriek bete zuten. Bazkide kopurua, 400 ia, eten gabe haziz zihoan eta egoitza txiki geratu zitzaigun... beraz, zabaltzeko lanei ekin behar. Hartara, bere garaian egokitutakoaren ondoko lokalean moldaketak eginda, mendi materialaren biltegi handiagoa eta gero eta osoagoa den liburutegiaz gain taberna txiki bat ere jartzeko aukera izan genuen. Lehenbiziko lanetatik urte batzuk iragan zirela konturatzeko, aski da jakitea zabaltze honen kostea 123.000 pezetakoa izan zela.
Ondoko urteetan elkartearen jarduerak ugaritu (Haur Taldea, argazki lehiaketak, ibilaldi kontrolatuak, mendi ikastaroak,...) eta herri osoari begira egindako ekimenak burutu genituen; hala naia, urteroko Mendiko Zinemaren Astea edota gure aterpea erabiltzeko herriko eskolei egiten diegun eskaintza, horrela ume askori mendiarekiko lehen harremana izateko bidea emanez.
Gauzak horrela, gure garai honetara heldu gara eta orain ere ez da erronkarik falta. Hor daude, besteak beste, bazkideen eskari berriak, jendearen parte hartzea handitzeko lehia eta belaunaldi berriei elkartea erakarg arri egiteko premia.
Ezin geldirik egon, beraz, eta hauei guztiei aurre egiteko urrats berriak eman ditugu. Hor dago, horren erakusgarri, berriki egin dugun egoitzaren erosketa, aurreko hamarkadetako lana burutzen duena.
Eta laburpen honi bukaera emateko, esan dezagun hainbaten izena nahita utzi dugula aipatu gabe; askoren ahaleginak eta kemenak aipamena ondo merezia zutela jakin arren, gure elkartea ororen lanaren emaitza dela uste baitugu.
Oharra: Elkartearen lau sortzaileen omenez eta Sestao Alpinoren historiaren berri izan nahi dutenei dedikatuta egin dugu idazki hau.